XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ARANTZAZU'TIK YAKINlarien billera.

Agorraren 1O-11'ak autatu genitun gure urteroko billerarako.

Eta erabaki bezela, txintxo asko, zein goizago zein beranduago, emen bildu giñan amarraren eguerdirako.

Uste aundia izan dugu billera auetan, naiz ta kaxotasunik kaxoenean eraman.

Eta aurten ere poz ta indar aundia eman digu.

Bildu ere mordoxka ederra bildu giñan: lau apaiz gazte eta lau apaizgai gazteago, iru Derio'koak eta bat Donosti'koa; bi Iosulagun, bi sakramentino, bi laterandar, beneditar bat eta gañerantzeko bostak Arantzazukoak.

Ogeikote ederra!.

Ba-du gaztedia gure erriak, iaio ta trebe lan egingo duen gaztedia! Elkartasun bikaiña egun artakoa: ori zan izan ere gure aurreneko xedea.

Eta ori, Karmeldar, Pasionista eta Iruñako apaizgaiak ez etortzea pena genuela gero! Ba-zuten gogoa auek ere, ta benetakoa izan ere; baiña egunak txarrak, eta, naigabez baiña, ezin!.

Pasiotarrak egun berean, amarrean Urbian ziran mendi-eguna ospatzen, eta arratsaldean etxeratzean, ujujuka! agurtu giñuzten Aloiña gaiñetik.

Joan bearra zeukaten, baiña biotza Urbiara bidean dagon Erroitegi inguruko arizpean zeukaten, noski, antxe baigeunden gu, elkartasunik xamurrenean, belar biguñaren gaiñean eta pago mardulen itzalpean.

Toki biotz-bera uraxe, batez ere guretzat, euskaldunontzat, gure izatean aritzaren miña daramagunontzat.

Ba-giñan billera ontara lenengoz gentozenak ere, eta elkar ezagutzen ez genuenak.

Laister, ordea, biurtu giñan anai, benetako anai, xede berdiñen jarraian baigiñoazen.

Elak ezaguketak egin eta leenbiziko bi billeren lanak ikusirik, Goiko Aitari Aita Gure baten bidez argia eskatua, poliki-poliki, berotzen joan giñan.

Eta ondo berotu ere.

Ideak ziran, ordea, bero zebiltzanak, ez aurpegi-ukabillak.

Munduko aundikoteak ere orrelako batasun eta pakean Jardungo balira, azkarrago eta onuratsukiago erabakiko lituzteke beren gaiak.